Zorrotzaurre
Aurkeztu dira eskaintzak Zorrotzaurreko proiektuko A fasea urbanizatzeko lanen exekuziorako lehiaketara
Guztira bederatzi eskaintza aurkeztu dira Zorrotzaurreko proiektuko A fasearen urbanizazio-lanen exekuziorako Zorrotzaurreko 1. Exekuzio Unitatearen Kontzertazio Batzordeak deitutako lehiaketara. Eskaintzak aurkezteko epea asteazkenean amaitu zen eta haren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 13.020.209 eurokoa zen (BEZa kanpo). Jasotako eskaintza guztietatik zazpi ABEE gisa aurkeztu dira, guztira 17 enpresa bilduta.
Era berean, A fasearen urbanizazio-lan horien obra-zuzendaritzarako Kontzertazio Batzordeak deitutako beste lehiaketara ere bederatzi eskaintza aurkeztu dira. Lehiaketa horretara eskaintzak aurkezteko epea atzo, ostegunean, amaitu zen eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 240.000 eurokoa (BEZa kanpo) zen.
Urbanizatu beharreko eremua Deustuko kanalaren eskuinaldean dago eta Elorrietatik gaur egun urbanizazio-fasean dagoen Ballets Olaeta kalera artekoa da.