Zorrotzaurre
Deustuko ubidearen eskuinaldeko pasealekuaren irekiera
Deustuko ubidearen eskuinaldeko pasealekuaren irekierak oinezkoentzat izango den eta bi kilometro baino gehiagoko luzera izango duen ibilbide bat ipiniko du herritarren eskura; ibilbide hau Deustuko ubidearen ertzetik joango da, Elorrietako biribilgunetik hasi eta Frank Gehry zubiraino.
Bilboko herritarrek, eta batez ere Elorrietan, San Ignacion, Sarrikon eta Deustun bizi direnek, portuko guneetatik barrena igarotzen den pasealeku bat irabazten dute azpiegitura honekin; zonalde hauek itxita zeuden gaur arte.
Pasealekuaren gutxieneko zabalera 20 metrotakoa da eta bidean zehar atseden guneak, begiratokiak, lorategiak eta zuhaiztiak aurkitu ahal izango dira. Elementu berezi bezela, Sarriko azpian eskalada-murru bat egongo da, horma eta haren garaiera aprobetxatuz.
Obraren exekuzio lanetan, zonaldean zeuden hormak eraitsi dira, kaiak birgaitu dira, eta era berean, ibaiertza oinezkoentzako guneekin, lorategiekin eta zuhaitzekin hiritartu da; guzti honek oinezkoei itsasadarrera gehiago gerturatzeko aukera ematen die.
Pasealekua bi mailatan antolatu da eraikuntza berriak balizko uraldietatik babesteko asmoz; era honetan, oinezkoentzako zonalde honek, gainera, euste-horma bezela lan egingo du.
Zorrotzaurre proiektuko fase honetako obrak, Zorrotzaurreko 1go Egiterapen Unitatearen Hitzarmen Batzordearen ardura direnak, 2017. urteko urrian hasi ziren Ballets Olaeta kalearen eratzearekin eta Morgan kalearen berrurbanizazioarekin. Ondoren, 2018ko irailean, pasealekuari zegozkion lanak ipini ziren martxan, 2019ko abenduan amaitu direnak.
Eraikuntza proiektua hiru gune desberdinetan banatuta egon da, aldi berean guztietan lan egitea ahalbidetu duena. Honek exekuzio epeak murriztu ditu, aurreikusita zeuden 17 hilabeteak 15 hilabetetan geratu direlarik.
Zorrotzaurreko 1go Egiterapen Unitatearen Hitzarmen Batzordearentzat guztira 10,3 milioietako inbertsioa suposatu du obra honek.