EUROPAKO DISEINU INSTITUTUA (IED) BILBORA HELDU DA, KUNSTHAL DISEINU-ZENTRO NAGUSIAREN INTEGRAZIOARI ESKER

Enlaces de Interés

EUROPAKO DISEINU INSTITUTUA (IED) BILBORA HELDU DA, KUNSTHAL DISEINU-ZENTRO NAGUSIAREN INTEGRAZIOARI ESKER

22/09/2020

KUNSTHAL Goi Mailako Diseinu Zentroaren integrazioari esker, Bilbora iritsi da IED Taldea, diseinuaren arloko azterlanetan erreferentziazko erakundea. Zabalkuntza horrekin, IEDk Espainiako bere hirugarren egoitza ezartzen du –gaur egun Madrilen eta Bartzelonan ditu egoitzak–, halako moldez non Bilbokoa munduko hamabigarren egoitza izango den (taldeak Italian, Espainian eta Brasilen ditu egoitzak). Horrela, IEDk sendotu egiten du hezkuntzaren, talentuaren, belaunaldi berrien eta enpresa-garapenaren eragile dinamizatzaile gisa duen posizioa.

Bestalde, KUNSTHAL, IEDn sartu dela gaur goizean iragarri duena, diseinuari buruzko prestakuntzan, diseinuaren kulturaren dibulgazioan eta inguruko eragile sozioekonomiko eta instituzionalekin lankide jardunik proiektuak lantzen eta garatzen diharduen eragilea da. Hala, Zentroa hazi eta finkatzeko prozesuan, IEDrekin integratzea urrats garrantzitsua da erakundearen etorkizunerako eta euskal komunitatearen hezkuntza-sustapenerako, diseinuaren ateak irekitzen baitizkio Bilboko hiriari eta tokiko diseinua mundura proiektatzen baitu.

“IEDren eskutik jarraitzeak aukera ezin hobea ematen digu indarberritzeko eta aukera-eremuak sortzeko. Eta ez soilik bi kontinentetako hiru herrialdetan banaturik dauden goi mailako 12 ikastetxek osatutako sare batean parte hartzeak dakarren nazioarteko proiekzio nabariagatik, baizik eta, alde batetik, taldeak KUNSTHALen garatzen ditugun lengoaia pedagogiko berrietan esperimentatzeko laguntza ematen duelako, eta bestetik, datorren ikasturtean abiaraziko ditugun Moda Diseinuko eta Produktu Diseinuko titulazio berriei eta graduatu ondoko gure lehenengo ikastaroei eta masterrei berme handiagoz aurre egiteko behar den sendotasuna erdiesteko aukera ematen digulako”, adierazi du KUNSTHALen zuzendariaordea den Jesús Arrecubietak.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren iritziz, ‘KUNSTHAL – IED BILBAO’ren inaugurazioa, “pieza estrategiko bat gehiago da, Bilbo unibertsitate-hiri ospetsu bilakarazteko dugun helburua aberasten duena, jende gaztearekin, berritzailearekin, talentuarekin, ikastera, lan egitera eta bizitzera gurekin geratuko den jendearekin alegia. Horrez gain, Zorrotzaurren, Talentuaren eta Ezagutzaren Uhartean, egingo dugu aurrera, gure hiria zerbitzu aurreratuekin, sorkuntza-industriekin, trebakuntzarekin, artearekin eta abarrekin loturik dauden industria berriak zabaltze aldera. Zentro berri hau, antzinako Papelera industria-eraikinean kokatua, izen handiko beste batzuekin batera egongo da, eta haiekin sinergiak partekatu ahal izango ditu. Horien artean daude, besteak beste, hurbileko DIGIPEN (bideojokoen unibertsitatea) eta, laster, AS FABRIK (gure asmo handiko beste proiektu bat), zeinak, BETA 2ko torloju-fabrika zaharra birgaitu ondorik, 4.0 industriarako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuetako prestakuntza-, enpresa- eta ekimen-jardueretan espezializatuko baita. KUNSTHAL – IED BILBAO profesional askoren haztegia izan dadin nahi dugu, mundu osoan beren aztarna bikaina utz dezaten, aztarna hori gure herrian eraikiko baita”.

PAPELERA ERAIKINA

KUNSTHAL – IED BILBAOren egoitza berria Papelera Eraikin ikonikoan dago (Manuel Andonza, 1958), Zorrotzaurre uhartean, Bilboko Udalak uharte hori eskualdeko sormen- eta kultura-topagune bilakarazteko abian jarritako hirigintza-berroneratzeko proiektuaren barruan. Eraikin enblematiko hori IEDk kudeatuko du.

‘Papelera del Nervión’en eraikin zaharrak diseinurako xedatutako 2.442 metro karratu ditu. Uharteko eraikin gangadun bakarra da; hain zuzen ere, Bizkaian mota horretako eraikin gutxi daude, eta Zorrotzaurreko Plan Berezian mantentzen diren 17 industria-eraikinetako bat da. Ezagutzaren eta Talentuaren Uhartea izenez ezagutzen denak, Bizkaiko hiriburuaren eremu hori iraunkortasunaren eta hiri-berroneratzearen nazioarteko erreferente bilakaraziko du. IEDren proiekziorako zutabe garrantzitsua da, erakundearen hazkunderako funtsezkoa baita Bilbo bezalako hiri estrategikoetan eta kulturalki aktiboetan egotea.

“IEDk eragile aktibo eta dinamizatzaile gisa aurkezten du bere burua egoitza ezartzen duen hirietan, maila ekonomiko eta sozialean, eta KUNSTHAL diseinu-zentroa taldea Espainian garatzeko partner ezin hobea dela uste dugu. Baloreak partekatzen ditugu, eta bi erakundeok uste sendoa dugu diseinua aldaketaren eta hezkuntzaren eragile dela, gizartearen funtsezko oinarri gisa; horregatik, uste dugu KUNSTHAL – IED BILBAO eragile garrantzitsua izango dela Bilboko hirian eta eskualde osoan”, adierazi du Alessandro Manettik, ‘IED Spain’en Chief Executive Officer (CEO) denak.

KUNSTHAL IED Taldean integratzeak, gainera, IEDk inguruko herrialdeetara hurbiltzea dakar, Frantziako lurraldearen kokapenari esker eta egun jada bertan ezarririk ditugun harremanei esker. Atzerriko talentua erakartzearen bidez, ikasleak nazioartekotzera irekitzearen aldeko apustua egiten dugu. Hori baita taldearen ezaugarri bereizgarria.

“Aliantza honek eragin zuzena eta irismen luzekoa izatea espero dugu, ez bakarrik Bilboko ikasleentzat, baita hiriarentzat berarentzat ere, nazioarteko talentuak erakarrita, Euskadiko enpresa- eta industria-sarearekin lankidetzan jardunik eta Zorrotzaurre uhartea birgaitzeko proiektuan parte hartuta”, adierazi du Massimo Rosik, IED Taldearen CEO denak.

KUNSTHAL – IED BILBAO, EUSKAL HERRIKO KULTURA ETA HEZKUNTZA DINAMIZATZEKO ZENTROA

IEDren Bilboko egoitza berriak KUNSTHAL diseinu-zentroaren esperientzia akademiko heldua izango du euskal lurraldean, bai eta hura osatzen duten profesionalen talde osoarena ere. Horri esker, bi erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-eskaintza indartuko dute, bai eta prestakuntzaren kalitatea eta eskola berriaren eta hiriko kultura- eta gizarte-bizitzaren inguruko enpresa-ehunaren sorrera ere.

Taldearen barruan, KUNSTHAL – IED BILBAOren ezaugarri bereizgarria hezkuntza eta diseinua espezialitate guztietan aplikatzen diren hizkuntza, metodologia eta lurralde berrietan esperimentatzea izango da. Zentroa diseinuaren, teknologiaren eta giza faktorearen arteko konexioen katalizatzailea izateagatik identifikatuko da, euskal komunitateko industria- eta enpresa-ehunaren ikuspegitik begiratuta.

Goi mailako diseinu-zentro berriaren etorkizun hurbilean, titulazio berriak garatu behar dira graduko (moda eta produktuko goi-mailako titulazioak dituztenak) eta graduondoko arloetan, bai eta enpresentzako prestakuntzaren eretzean ere.

Riccardo Balbok, IED Taldearen jabea den Francesco Morelli Fundazioko lehendakariak, honela dio: “Francesco Morelli fundazioaren ikuspegitik, IED sortzeko oinarritzat jarri genituen abiaburuak eta baloreak zabaltzen jarraitzea da gure bokazioa, diseinuaren munduari ekarpenik handiena egin dion pertsonetako baten pentsamenduaren emaitza baitira. Hain zuzen ere, Francesco Morellik, IEDren sortzaileak, beti nahi izan zuen etorkizunari erakunde bat ematea, bere hausnarketaren erdigunean beti ikasleak jarriko zituena. Hori dela eta, gaur egun, diseinuaren kultura hedatzen jarraitzen du EIDk, Bilbo bezalako hiri batean, taldearen nortasunarekin ezin hobeto bat datorren hiri batean alegia; izan ere, Bilbo hiri irekia da, aukeraz betea, etengabe berritzen ari dena, eta abiaburu horien ondarearen jarraipen gisa egoitza berri bat irekitzen duena. Hemen eman nahi diogu jarraipena diseinatzaile onenei belaunaldiz belaunaldi lan-mundura ekarri dien prestakuntzari”.

Egoitzaren inaugurazio ofiziala gaur goizean egin dute, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskutik. Ekitaldian izan dira: KUNSTHAL – IED BILBAOren zuzendaritza; Massimo Rosi, IED taldeko zuzendaria (CEO); Riccardo Balbo, Francesco Morelli Fundazioko presidentea; eta Alessandro Manetti, ‘IED Spain’en zuzendaria (CEO).

ZER DA KUNSTHAL?

KUNSTHAL Euskal Autonomia Erkidegoan Diseinuaren arloan dagoen Goi Mailako Ikastegi pribatu bakarra da. 1997an sortua eta 2016an goi mailako zentro gisa aitortua, jaio zenetik diseinuaren arloko prestakuntzan, diseinuaren kultura zabaltzen eta inguruko eragile sozioekonomiko eta instituzionalekin lankidetzan proiektuak garatzen jarduten duen eragile gisa eratu da.

ZER DA IED SPAIN?

Diseinuaren prestakuntzaren eta ikerkuntzaren arloan oinarritzen den Espainiako nazioarteko campusik handiena da ‘IED Spain’. Francesco Morellik duela berrogeita hamar urte baino gehiago sortutako ‘Istituto Europeo di Design’ izeneko network-aren parte da, eta Italian, Espainian eta Brasilen hamaika egoitza ditu. 1994an lehen egoitza ireki zen Madrilen, eta 2002an Bartzelonako egoitza gehitu zitzaion, diseinuaren diziplinetan eta arlo ezberdinetan punta-puntako titulazioak eskainiz: moda, produktua, barnealdeak, ikusizko komunikazioa, garraioa, estrategia eta management alorreko eskaintza.

‘IED Spain’en hezkuntza-konpromisoaren ardatza erakunde ofizialekin eta nazioko eta nazioarteko enpresekin loturik dauden programak eskaintzea da, diseinuko goi-mailako hezkuntzaren abangoardian egonik. IEDk enpresa-esparruarekin loturik dauden ekimen didaktiko eta praktikoen alde egiten du, eta, Espainiako bi egoitzen artean, 200 lankidetza-akordio baino gehiago sinaturik ditu.

Gaur egun, 3.300 ikasle baino gehiago ditu bere prestakuntza-eskaintzan, 190 ikastaro baino gehiagotan, eta diseinuko 1.400 profesional baino gehiago ere aritzen dira irakasle bi eskoletan. Bi egoitzen artean 100 nazionalitateko 40.000 ikasle baino gehiago prestatu dituzte.

Madrilen, taldeak bi egoitza ditu; Bartzelonan, berriz, beste bi eraikin, Gracia auzoan.

ZER DA IED TALDEA?

IED hezkuntza-erakunde bat da, diseinuaren, ikusizko komunikazioaren, modaren eta managementaren diziplina guztietan jarduten duena. Gaur egun, italiar jatorriko nazioarteko network handi bat da, 1966an jaio zena Francesco Morelliren zorioneko intuizioari esker.

‘Istituto Europeo di Design’ eboluzionatzen ari den prestakuntza-sistema bat da batik bat. Egunez egun pentsatzeko eta berrasmatzeko gai den benetako laborategia. Helburua argia eta zehatza da: gazte sortzaileei prestakuntza osoa, teorikoa eta praktikoa eskaintzea, azken batean, bizitza osoan zehar lagun izango duten “proiektuaren kultura” eskaintzea alegia.

Horregatik, IED eskola bat baino askoz gehiago da, etengabeko sortze-prozesuari esker: etorkizuna diseinatzen duten profesionalak sortzen diren zentroa da. IED ideien motorra da, eta sormena garatzen du ondorik adierazten den prestakuntza-eskaintzaren bidez.

Aurrekoa
Promocion Vivienda Nueva Zorrotzaurre Bilbao Zorrotzaurre proiektuko B-1 eta D faseen urbanizazio obren esleipena
Hurrengoa
Mondragon Unibertsitateak 228 ikasle lekualdatuko ditu Zorrotzaurreko As Fabrik erakinera urtarrilaren 7an
close