Zorrotzaurre
Gaur Deustuko kanalaren irekitze lanak hasi dira
Gaur goizean, Deustuko kanala erabat zabalduko duten lanak hasi dira bai eta Deustu eta Zorrotzaurre lotuko dituen zubiaren eraikuntzakoak ere.
Aldi berean egingo diren eta 16 hilabeteko egiterapen epea daukaten jarduera bi hauek, Exbasa, Viuda de Sáinz, Balzola eta Urssa izenekoek osatzen duten UTEak burutuko ditu. Lanen zuzendaritzaz TYPSA (eraikuntza proiektuaren egilea) eta Dinam Ingenieritza arduratuko dira. Lanen kostu balioztatua 21,5 milioi euro ingurukoa da (BEZ barne).
Kanala irekitzeko lanak eta zubiaren eraikuntzakoak aldi berean egingo dira eta lan biak, euren osotasunean, lehorrean egingo dira.
Kanalaren irekidura, funtsean, erribera kai alineazio paralelo berri bi (533 metro ipar erriberan eta 369 metro hego erriberan), eraikitzean datza. Alineazio biren arteko distantzia 75 metrokoa izango da, eta horretarako 600 pilote jarriko dituzte. Indusketak kanalari alde honetan 5 eta 5,5 metro arteko sakonera emango dio eta 365.000 m3 lur inguru ateratzea ekarriko du. Kentzen diren lurrak itsasontzietan eta kamioetan kargatuko dira eta euren kutsadura mailaren arabera, Bilboko Portuaren Kanpoko Badiara edo baimendutako zabortegietara eramango dira.
Zubi berriak, 75 metroko luzera eta 28 metroko batez besteko zabalera izango duenak, irla Deustureklin lotuko du (IMQren Zorrotzaurre klinikaren altueran). Ibilgailuentzako lau zirkulazio-bide izango ditu, bi norabide bakoitzean, bai eta espaloiak alde bietara ere, horietariko batek bidegorri izango duelarik.
Lanaren faseak
Aurreikusitako lan-kronogramak, lehen hilabetean, lanen esparrua hesitzeaz gain, zenbait zerbitzu desbideratuko direla adierazten du (gasa eta argi-indarra bereiziki), Zorrotzaurre, lanek dirauten bitartean, hornitzen jarraitu ahal izateko. Era berean, Deustuko zubiaren ipar horma, trafikoan inolako eraginik sortu gabe eraikitzen hastea ahalbidetuko duen IMQ Klinikaren ondoko bidearen behin-behineko desbideraketa egiteari ere ekingo zaio.
Ondoren, lanen faserik konplexuena etorriko da. Honako honetan, 9 bat hilabete iraungo duena, zubi berria bere osotasunean eraikiko da eta indusketaren zatirik handiena egingo da. Berau hasi baino lehen, kanalaren mutur bietan zeharreko metalezko ohol-hesola iladak jarriko dira, itsasadar edo kanaletik indusketa alderako ur-isurketarik gerta ez dadin.
Hiru hilabete ingurukoa izango den azken aurreko fasean, aurreko faseetan, zerbitzuan zegoen bidetik oso hurbil egoteagatik garatu ezin izan zen aldea lantzen jarraituko da. Hau da; piloteak eta indusketa egiten amaituko da (ildoarteak izan ezik).
Azken fasean, 3 hilabeteko iraunpena ere izango duen horretan, ertzetako ildoarteen indusketa eta itsasoko azken indusketa burutuko dira. Azkenez, ohol-hesolak kenduko dira ura sar dadin eta horrela Zorrotzaurreren behin-betiko irla bihurtzea gertatuko da.