Zorrotzaurre
Open espazioak asteburu honetan jasoko du sormen-teknologiaren Maker Faire azokaren seigarren edizioa
Zorrotzaurreko Artiach galleta-lantegia izandakoaren eraikinean, Open Espazioa dagoen lekuan, izango da asteburu honetan Bilboko Maker Faire azokaren seigarren edizioa. Sormen-teknologien lehiaketa da. Bertan, publikoa harremanetan jarriko da sortzaileekin, ingeniariekin, artistekin, teknologia-adituekin eta etorkizuneko beste lanbide batzuekin. Azoka ostiralean irekiko da, 17:00etan, eta igandeko 15:00ak arte egongo da.
Sarrera doakoa da eta ekitaldi horretara joango dira munduko “makers” garrantzitsuenetako batzuk; produktu berriak modu artisauan, baina teknologia berriak erabiliz sortzen dituzten tokiko eta nazioarteko partaideak dira.
Era berean, azokan “fab lab” direlakoak edo sortzaileek ideiak trukatzen dituzten lekuak topa ditzakegu. Ingeniaritza-eskoletako, diseinu-eskoletako eta Lanbide Heziketako zentroetako ikasleak ere joango dira.
Ekitaldi-programak doako ehunka jarduera eskaintzen ditu familia guztiarentzat, hala nola hiru dimentsioko inprimatze-tailerrak, teknologia robotikoarenak, kriptodiruarena eta abar.
Ekitaldiak sortzen duen interesaren erakusgarri da iazko edizioaren datua: 12.000 lagun baino gehiago izan ziren bertan.