PLANGINTZA
Zorrotzaurreko 1go Jarduera Integratuaren 1go Egiterapen Unitatearen Urbanizazio Proiektua
2017ko uztailaren 26an Udal Gobernu Batzordeak Zorrotzaurreko Alde Mistoaren 1go Jarduera Integratuaren 1go Egite Unitatearen Urbanizazio Proiektua onartu du.
ZahaHadid-en diseinuarekin jarraituz, urbanizazio-proiektuaren alderdirik nabarmenena urarekin daukan harremana da. Horregatik Deustuko kanalaren alderdi biak ezaugarri ezberdinekin proiektatu egin dira.
– Eskumaldea sirgaren bidea gogorarazten du eta portu lanen memoria gordetzen du, dauden kaiak, garabien bideak, mutiloiak, etab
– Irlaren bazterra parkea izango da eta bertan ura elementu nagusia. Ura irlan sartuko da eta pasealekuekin eta egoteko eremuekin nahastuko da.
Espazio libreen diseinuaren bitartez askotariko eremu moldaerrazak sortu nahi dira, erabilera desberdinetara egokitzeko, bertako historia berreskuratzeko xedez: Itsasadarrarekiko trazadura perpendikularrak, galdutako natura… Proiektatutako materialen bidez, iraunkortasun handiena mantentze txikienarekin bilatzen da.
Zorrotzaurre, batik bat, oinezkoentzako eta ziklistentzako eremua izango da, batez ere, urbazterretan. Oinezkoak eta ziklistak batera joango diren ibarreko pasealekuez gain, bidegorria egongo da FrankGehry zubia erdiko etorbidearen bidez San Inaziokoarekin lotzeko.
Tranbia erdiko etorbidean zehar ibiliko da, Bilbobusekin bide-plataforma partekatuta, garraio-sistema publikoa bermatzeko eta Bilboren gainerako auzoekin lotzeko.
Exekuzio Unitateko Urbanizazio Proiektuaren barruan hiru eremu bereizten dira:
– Deustuko Kanalaren eskumaldea, San InaziotikBotizarreraino.
– Hegoaldeko Muturra, Artiacheko eraikineraino
– Iparraldeko Muturra, Udal Garabitik Zorrotzaurreraino.
- DEUSTUKO KANALAREN ESKUMALDEA.
1.1 SAN INAZIOALDEA
Proiektuaren muga kanalaren eremurantz zabaltzen den Zarandoa etorbidearekin paraleloan dago, 20 metroko zabalera daukan pasealekua sortuta, maila bikoitzean: bata, kaiaren gaur egungo kotan, paseatzeko eta bertan geratzeko diseinatuta, uretarantz abiatutako espazioen bidez, baranda barik, portuaren iragana gogoan izateko, eta bestea, 1,5 metro gorago, egoteko asmatuta eta zuhaitzez hornituta.
Eskumaldeaz gain, Deustuko Kanalak San Inazioren aldean hurrengo elementu nagusiak izango ditu:
– Elorrietako biribilgunearen eta Idomeko eraikinaren arteko pasealekua, 520 metroko luzeraduna eta 10 metroko zabalerarekin. Zarandoa etorbidera jotzen duen aldea landareez hornituta eta apur bat gorago dagoenez, ibilgailuen joan-etorriek eragindako zaratatik babestuko du.
– San Inazio plaza. 5.000 m2 baino gehiagoko plaza sortuko da, umeentzako jolasekin, estalitako hiru espazioz osatuta, eguraldiaren gorabeheretatik babestuta egoteko.
– Sarriko azpiko rokodromo txikia, dauden horma eta altuera-aldea aprobetxatuta.
Elorrietako kurbaren ondoan, gaur egun euri-urak ateratzeko arazoak daude itsasgoran, urbanizazio-kotak ur bizienak baino apur bat txikiagoak direlako. Arazo horien ondorioz, ur-poltsak sortzen dira bai galtzadan, bai paseatzeko eremuan. Arazo horiek hobetzeko eta arintzeko hormigoi armatuzko 1,5 metroko diametroa eta 350 metroko luzera dituen hodia proiektatu da, ura jasotzeko, grabitatearen bitartez irten ahal duen arte, behin marea jaitsita.
1.2 DEUSTUALDEA
Enekuriko tunelen eta Euskaldunako biribilgunearen arteko bideak berrantolatzen dira, OlaetaBalletak kalea luzatuta. Hala, Morgan kalean zirkulazioa norabide bakarrekoa izango da eta OlaetaBalletak kale berria Bilboko erdigunearekin lotzeko erabiliko dute ibilgailuek.
- DEUSTUKO ERRIBERA (HEGOALDEKO MUTURRA)
Eremu honetako alderdi nagusiak dauden etxebizitzen ingurunea oinezkoentzako eremu bihurtzea, Bilboko Zazpikaleren modura, eta Deustuko Erribera Artiach fabrikaraino -lehenengo fasean- oinezkoentzako pasealeku bilakatzea dira.
Gainera, -1 Exekuzio Unitatearen zatia izan ez arren, Erriberaren eremuko hiriko azpiegiturak berritu eta osatuko dira dagoen azken etxebizitza-eraikineraino, Zorrotzaurreko Erriberan.
Bide-sarearen funtzionamendua eremu honetan begizta batez osatuta dago FrankGehry zubitik berehala ateratzeko eta horretara sartzeko aukera eskainita.
Zorrotzaurreren inguruneko uholdeak gertatzeko aukeraren baldintzen arabera, irlaren sestra altxatu behar izateaz gain, Itsasadarraren urbazterraren ondoko eraikinetan uholderik ez dela egongo bermatu behar da.
Horretarako, URAk ezarritako baldintzei jarraiki, Deustuko Erribera kalearen albo batean babes-elementu bat ipiniko dute, gutxi gorabehera metro batekoa, uholdeen aurrean espazio hau babesteko.Gainera, itsasgorekin batera une jakinetan egon daitekeen euri-uren bolumena ateratzeko, ekaitzetarako 2.100 m3ko tanga bi diseinatu dira, aurreikusitako euri-ur guztia hartu eta itsasbeheran askatzeko. Hala, segurtasun-neurri gisa, tanga bakoitzerako ponpaketa-sistema bat ipiniko da, jasotako ura bultzatu ahal izateko, baita itsasgoraren kotaren gainetik ere.
Tanga hauek eraikitzearekin batera, jasotako euri-ura erabiliko da ura arazteko sistemaren barruan sartuta, ondoren berdeguneetako ureztaketan eta kaleak urez garbitzeko prozesuan erabili ahal izateko.
- ZORROTZAURREKO ERRIBERA (IPARRALDEKO MUTURRA)
Hegoaldeko Muturrarekin bezala, iparraldeko muturraren bide-sareak begizta baten modura funtzionatuko du, San Inazio irlarekin lotuko duen etorkizuneko zubian sartzea eta horretatik ateratzea erraztuta.
ZORROTZAURREKO URBANIZAZIO PROIEKTUAREN EZAUGARRI BEREZIAK
– Uhartea uholde-kotatik gora kokatzeko betetze-lanak.Eraikin berriak uholdeetatik libre egongo direla bermatzeko, gaur egun eremuak duen kota goratu egin beharko da, gutxienez 1,5 metrotik gorako betetze-lanak eginez.
– Saneamendurako ponpaketak. Zorrotzaurreko etorkizuneko uhartearen topografia berezia dela eta (2,5 km-ko luzera aldetik aldera, eta ia-ia erabat laua), Bilboko hiri-bilbean ohikoa ez den saneamendu-sistema egin beharko da bertan. Berezitasun horren ondorioz, eta hainbat saneamendu sistema aztertu ondoren, ur beltzak Ezkerraldean dagoen Nerbioi-Ibaizabaleko hodi-biltzailera bideratzeko ponpaketa-multzoa egitea erabaki da, udal teknikarien iritziarekin bat.
– Euri-ura bildu, biltegiratu eta berrerabiltzeko andelak. Deustuko ibar-ertzean dauden 2.100 m3-ko bi andelek eginkizun bikoitza izango dute. Egoera normalean, euri-ura tratatu, desinfektatu eta berriz erabiltzeko balio izango dute; eta uholdeak daudenean, berriz, ekaitz-tangatzat erabiliko dira, ebakuazio-ponpaketen laguntzarekin.
– Ibai-azpitik joango diren ainguratze-sistema bidezko bi hodi proiektatu dira, energia elektrikoko, saneamenduko eta ur-hornikuntzako sareak konektatzeko: bata uhartearen eta Olabeagaren artean egongo da, eta bestea uhartearen eta Zorrotzaren artean.
– Hiri-hondakin solidoen (HHS) bilketa pneumatikoa.Hiri-antolamenduko plangintza berezian zehaztutako ingurumen-iraunkortasunerako irizpideen artean dago Zorrotzaurreko uhartean hondakinen bilketa pneumatikoa egiteko sistema ezartzea, egunero zabor-kamioien joan-etorriak saihesteko asmoz. Sistemak, halaber, bilketa-zentralaren eraikina ere jasotzen du.
– LED bidezko argiteria. Eremu horretan LED teknologiako argiteria-sistema ezarriko da; izan ere, ohiko sistemak ezartzeko baino inbertsio handiagoa eskatu arren, hasierako inbertsio hori aise orekatuko da kontsumo elektrikoan eta ordezko piezetan aurreztuko denarekin.