Zorrotzaurre
ZAWP-ek sortutako webgune batek betiko Zorrotzaurreren memoria bisuala jaso du
ZAWP (Zorrotzaurre Art Work in Progress) proiektuak Zorrotzaurreko memoria bisuala jasotzen duen webgune bat sortu du (https://memoriaurbana.net/). Webgune horren bidez, auzoko ziklo ekonomiko eta sozialei buruzko informazioa jaso nahi da; horretarako, irlako bizilagun eta enpresetako langileei irudiak atera eta elkarrizketak egingo zaizkie, XX. mendetik inguruak jasan duen eraldaketa sozial eta arkitektonikoaren marrazki bat egite aldera.
Laburbilduz, zenbait bizilagun eta langile berezik izan dituzten bizipenen oroimenen bidez eraikitako memoria kolektibo bat sortu nahi da. Webguneak irlaren hirigintza-garapenaren proiektuaren berri ematen du baina, batez ere, auzoko pertsona, enpresa eta saltoki historikoei buruzko datuak eta haien testigantzak eskaintzea du ardatz.
Helburu hori lortzeko, azalpen-testu indibidualizatuak, argazkiak eta dokumentu bideografikoak erabiltzen ditu; era berean, Google Maps-erako esteken bidez, webgunean aipatzen diren toki eta entitate guztien kokapen zehatza eskaintzen da. Horrez gain, webguneak informazioa ematen du auzoan barrena egin daitezkeen ibilbideez, inguruko enpresa historiko adierazgarrienetan barrena egin daitezkeenez eta bizilagunek beraiek kontatutako oroimenetan barrena egin daitezkeen bideez.
Webguneak jasotzen duen dokumentazioa irlaren plano xehatuekin osatzen da, baita hein handi batean auzoa interesgune gisa hartu duten dokumental, argitalpen eta prentsako artikuluetan zentratzen den hemeroteka zabal baten bidez ere. Webgunea ez da amaituta dagoen proiektu bat; aitzitik, asmoa pixkanaka osatzea da, pertsona eta enpresei buruzko informazioa ematen duten eta auzoaren memoria bisuala hedatzen duten ekarpen berriekin.