Mondragon Unibertsitateak 228 ikasle lekualdatuko ditu Zorrotzaurreko As Fabrik erakinera urtarrilaren 7an

Enlaces de Interés

Mondragon Unibertsitateak 228 ikasle lekualdatuko ditu Zorrotzaurreko As Fabrik erakinera urtarrilaren 7an

23/12/2020

Mondragon Unibertsitateak 228 ikasle lekualdatuko ditu Bilboko Zorrotzaurreko As Fabrik erakin berrira 2021eko urtarrilaren 7an. Izan ere, Bilboko Udalak amaitu du Zorrotzaurreko uhartean Bilbao As Fabrik campusa hartuko duen eraikin nagusia.

Garatzeko bidean dagoen proiektuak, EGEF europar funtsetako 12,4 milioi euroko finantzaketa du: 5,8 milioi euro, %80an finantzatua, Hiri Jarduera Berritzaileetako programako UIA Bilbao As Fabrik proiektuaren bidez, eta 3,6 milioi euro, %50ean finantzatua, Hiri Garapen Iraunkor eta Integratuaren Estrategiako DUSI Zorrotzaurre proiektuaren bidez.

Mondragon Unibertsitateak eta Bilboko Udalak jakitera eman dutenez, eraikinak bost solairu ditu: 0. solairua, solairuartea eta 1., 2. eta 3. solairuak. Hasieran, 0. solairua, solairuartea eta 1. solairua bakarrik okupatuko dira. Ikasgelak, hiri laborategia eta ‘makery’ edo prototipoetarako espazioa daude horietan.

Horrela, Mondragon Unibertsitateak datorren urtarrilaren 7an irekiko ditu ateak Zorrotzaurreko As Fabrik eraikinean. Hara lekualdatuko dira As Fabrik-en ekosistemako unibertsitate tituluetakoren bat egiten ari diren 228 ikasleak. Irailetik abendura bitartean, Bilbao Berrikuntza Faktoriaren campusean eta Bilboko Udalaren Zabalguneko eraikinean eman dira titulu horiek.

 

Ekintzailetza eta berrikuntza ekosistema

As Fabrik europar ekimenetik sortu zen Zorrotzaurreko Bilbao As Fabrik proiektua. Bilboko Udala du buru, lankide sare zabal baten babesarekin: Mondragon Taldea, Deusto Foundation-Orkestra, Eiken, Gaia, Idom eta Bilbao Ekintza. As Fabrik proiektuaren helburu nagusia da Bilboko zerbitzu aurreratuen eta 4.0 industriaren sektorea sustatzea eta horien lehiakortasuna hobetzea.

«Ekintzailetza eta berrikuntza ekosistema bat izateko asmoz sortu da Bilbao As Fabrik. Izan ere, unibertsitate prestakuntza eta enpresa ekimen berritzaileen eragileen komunitatea uztartuko ditu», azaldu dute.

Hala, prestakuntza akademikoa ez ezik, zerbitzu aurreratuen arloko start-up enpresen inkubazioa eta azelerazioa; ekipamendu teknologikoz hornitutako hiri laborategiak, prototipoekin esperimentatzeko; eta Bilbao As Fabriken inguruko prestakuntza eta ekintzailetza ekosistema garatuko duten enpresak ere bilduko ditu proiektuak.

Mondragon Zorrotzaurre

Hasieran, urtarrilaren 7an, Mondragon Unibertsitateko graduetako eta unibertsitate masterretako ikasleak hasiko dira bertan Zorrotzaurreko eraikinean, eta ondoren, start-up proiektuak eta gainerako jarduerak gehituko zaizkie pixkanaka.

Eskaintza berritzailea eta praktikoa bilduko du Mondragon Unibertsitateak Zorrotzaurreko campusean, Bilbao AS Fabriken, enpresen eta gizartearen eraldaketetara eta benetako premietara ondo egokitua.

Hasteko, bost unibertsitate titulu eskainiko ditu Bilbao AS Fabriken campusak: Ingeniaritza Mekatronikoko gradu duala, Business Data Analytics gradua, Humanitate Digital Globalak gradua, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza gradu duala eta Ikaskuntza Erraztea eta Berrikuntza unibertsitate masterra. Ondoren, unibertsitate titulu propioak gehituko zaizkio eskaintzari.

Iturria: El Correo

Aurrekoa
foto kunsthal EUROPAKO DISEINU INSTITUTUA (IED) BILBORA HELDU DA, KUNSTHAL DISEINU-ZENTRO NAGUSIAREN INTEGRAZIOARI ESKER
Hurrengoa
Zorrotzaurreko 1. Exekuzio Unitateko Kontzertazio Batzordeak irlako hego puntako urbanizazio obrak egiteko lehiaketa ateratzea onartu du Punta Sur
close